| Patxik"La Rambla" 9a+ kateatu du |
|
|
|
| 2007-(e)ko noviembreren 27-(e)an | |
|
‘La Rambla’ kateatuta!Patxi Usobiagak 9a+ gradu gorena kateatu du, Siuranako ‘La Rambla’ bidea eginez. Atzo bi saiakera egin ostean, gaur egin duen bakarrean gauzatu du erronka. Ramon Julian, Edu Marin, Chris Sharmar, Andreas Bindhameren segidan La Rambla mitikoaren bostgarren kateatzailea da, eta hartarako saiakera gutxien behar izan dituen eskalatzailea; guztira, 2002az geroztik 9 saiakera egin ditu bidea era askean kateatzeko. Adjektibo faltan gaude Patxik Siuranan egin duena baloratzeko. Munduan dagoen biderik mitikoenetarikoa, eta gogorrenetarikoa, era askean kateatzeko nahikoa izan du bi egun eta hiru saiakerekin. Zaila, oso zaila dena, erraz egin du. Hitz joskera ausarta da, baina hala izan da: ‘La Rambla’ erraz egin du. 2002ean jarri zen lehenengoz La Rambla bidearen oinarrian Patxi Usobiaga: saiakera bat nahikoa izan zen bidearen gogortasun ikaragarriaz jabetzeko, baina baita proiektu hura helburu handi bihurtzeko ere. 2004an saiatu zen berriro: lau saiakera, lau jausialdi, lau arantza. Ez zen guztizko lehentasuna zuen helburu bat, baina bai noizbait sendo eustekoa. Eta egunotan atera dira arantzak. Nola atera ere! Igandea, hilak 26 Azaroa gogorra izan da oso. Zailtasun Eskaladako Munduko Kopak dena eskatu, eta dena eman dio Patxiri. Bigarren urtez jarraian txapeldun. Tentsioa, ezusteak, zoriona, ospakizunak, komunikabideak… Gogorra. Baina gozoa oso. Zurrunbilotik ateratzeko, joan zen astean Etxaurira bisita. Haitzaren igurtzia, naturaren arnasa, Ekaitz Maizen bideen exijentzia barrena husteko. Eta oporrak: 10 eskalada egun… Siuranan! Oporrak!? Igande gauez iritsi ziren Tximisten Patxi eta Josu Martinez Siuranara. Astelehena, hilak 27 Egun eguzkitsua, haize fin hotza. ‘La Rambla’ da Patxiren helburua. ‘La Rambla’ dagoen ‘El Pati’ sektorea da Josu eta bien helburua. Hara zuzenean. Beroketak egiteko hiru igoera beste horrenbeste bidetan, pixkanaka gradua gora. Patxi fresko dago, hiztun, alai, egonezin, motibatuta… Patxi bere esparruan dago, haitz artean. Eguzkiak 14.30ak aldean hartu du bete betean ‘La Rambla’; itzaletan hotz da, eguzkitan epel. Burua hotz, bihotza bero, hasi da Patxi bidean gora. Azkena bertan sartu zenetik hiru urte pasa diren arren primeran oroitzen da mugimendu gehienetaz. Banan bana aztertu eta errepikatu ditu, denbora hartuaz, markak jarriaz, eskuila pasaz… Oroitzen ez zituen mugimenduak ere erraz barneratu ditu. Sentsazioak onak dira oso. Behera jaitsi, eta ‘La Rambla’ berriro itzaletan iluntzen hasia denez, ordu erdiko eguzki goxatualdia eta atsedena handik hurbil. “Egin dezagun saialdi serio bat, ikustagun zer eskatzen didan bideak”, Patxik berekiko. “Goazen!”. Josurekin lotu da berriro, badoa… Ondo, hasieran azeleratu xamar baina sendo, bide erditan erraz, eta goialdean… pausu bat bai, bestea bai, hurrena ere bai… eta ia azkenean oin punta bukaerako atsedenean sartu ezinda geratu eta jausi! Oso oso gutxi falta izan du bide guztia kateatzeko, oso oso gutxi! Haren amorrua, haren indar hustea. Baina sentsazioa ikaragarria da, eguneko lana amaitzeko ezin hobea. Bagoaz herrira bueltan. Atzera begiratu eta bidearen oinarrian zerbait utzi ote dugun galdegitean, Patxik: “bai, bidearen kateatzea!”. Asteartea, hilak 28 Esan eta egin. Konturatzerako ‘La Rambla’ oinarrian dira berriro Patxi eta Iosu. Bezperan bezala beroketak egin dituzte, eguzkiak bidea itzaletik noiz aterako zain egon dira, eta… egurra! Bidera bete-betean! Eta hau, eta bestea, eta mugimendu guztiak kontzentrazioz, iritsi goialdera, pausu bat bai, bestea bai, hurrena ere bai, oin-punta ere bai, eta azkena baita ere! Egina! ‘La Rambla’ 9a+ kateatu du! Harrapazank! Bejondeizula Patxi! Eta bukatzeko, “Estado Kritiko”8c+ edota 9° bigarren saiakeran egunean, hori dek hori. Aitor Elduaien |
| < Aurrekoa | Hurrengoa > |
|---|




